Ihes baten lausoa

Balea Zuria, 2021
Portada en alta resolución

ETXE baino lehen ate ginen.

Bide baino lehen, pauso.

Mendi baino lehen, lautada.

Itzal baino lehen, urtaro.

Sagar baino lehen, hosto.

Pilota baino lehen, esku.

Zuhaitz baino lehen, sustrai.

Lur baino lehen, haize.

Bizitza baino lehen, pentsamendu.

 

Ihes baten lausoa liburuari buruz idatzitakoak:

 

«»Erretrobisorera kiribildutako/ arrosarioa da iragana”. Eta ez dakigu zer gertatu zaion Hasier Larretxeari, igual gertatu zaio gertatu zaizkiola bizitzak aurrera egin ahala gertatu ohi zaizkigun gauzak. Baina berak eder eta erromantiko jartzen ditu bertsoak: “Erretrobisorera kiribildutako/ arrosarioa da iragana”.

Osaba Donatoren aizkora bezain zorrotza eta sugea bezain azkarra bere luma, biziki maite eta gorroto genuen guk Hasier Larretxea probokatzailea eta heterodoxoa. Gure poeta euskaldunen artean euskaldunena bera ez bazen, bere edizio elebidun horiekin…

Oraingoan, ostera, arean ezkutatu da Ihes baten lausoa arrunt lauso honetan (Balea Zuria, 2021), arean ezkutatu da agertzeko, oroitzeko, altzora itzultzeko: “Ahanzturaren udaberriko itzalpean/ hamarkadetan entzun ez den/ xuxurla baino ez gara.// Mizpiraren erorketa,/ salbamenik gabea”.

Liburua nahasi xamar hasten da, nora gabe antzean, zezelka eginez atrebitzen ez denak bezala. Gero ohartzen da bat ez dela erraza bakeak egitea gure irudi propioarekin, lehenengoz zauritu gintuzten haien abizenekin: “Txori hegal zaurituak/ ezin du…”. Eta elur-argia bezain liluragarri agertzen da gero testu biografiko hau hasieran, badiotsuet, gogor egin zaidana eta azkenean konbentzitu eta are gatibatu egin nauena: dena zuri, dena hotz, batzuetan hitz bakar bat, abesti bat entzuteko gonbita. Edo argazki bat osterantzean. Edo are sekula hartu ez zen argazki hura. Atera ziren argazki guztiak baino garden eta argiago ageri baitira orain, urteak igarota, jauregiak eta landa berdeak gure begien parean.

Ez da konplikazio bat Larretxearen diskurtsoa. Kontrara, nahasi egiten zaitu bere kontuetan, bere imajinetan. Ezin baita beste modu batera adierazi Ihes baten lausoa. Lizuna eta lohia da eskuekin lehenaldiko idealizazioak ukitzen dituenean –uharka bat, iratze metak–, eta ederra eta mistikoa ere bai uneka heriotza saihetsezinetik bizitzari kantatzean; “idazketa bada garbiketa modu bat”. Izan ere, izan ginelako gara, eta halako batean izateari utzi geniolako lortu dugu bizirik jarraitzea oraino, lurretik goratzea artea eta poesia, gero berriro ezinbestean lurrera itzultzeko».

 

Igor Estankona, Argia aldizkaria, 2021eko abendua

 

«Abendua aurrera, askorentzat etxera itzultzeko datak izaten dira hauek. Gabonak hurbil, itzulera bat ematen da egunak eta gauak ospatzeko aitaren eta amaren ondoan. Bueltako bidaia da sorterrira. Etxera eta norbere baitako iraganera.

Hasier Larretxeak aspaldi utzi zuen sorterria. Abendu honetan hamabost urte betetzen dira Madrilen bizi dela. Oraindik ez, baina haren bizitzaren herena hemendik urte batzuetara. Hortaz, bai euskaraz eta baita gaztelaniaz ere idazten duen heinean, oso berezia izan da beretzat, ilusio berezi bat eragin dio orain aurkeztu duen euskarazko poema bilduma berria idatzi eta argitaratu izanak: Ihes baten lausoa (Balea Zuria, 2021). Liburu hau etxera itzultzeko aitzakia ederra bilakatu zaio. Horri buruz mintzo da, gainera, besteak beste. Badu, hein batean, espiritu ziklikoa. Bideak hestekoa. Joan-etorriko bidea egitearena.

Nahiz eta osotasun baten parte diren atalak izan, liburuak hiru atal nagusi ditu, bakoitzak identitate poetiko propioarekin.

Ihes baten lausoa liburuan pertsona eta sortzaile batek jatorri eta sorterriari buruzko begirada eta sentimenduen prozesu baten eraldaketa nabarmendu daiteke. Batik bat lehen ataleko poemak dira horiek. Atal iluna da, poemek badute belaunaldi eta genealogiaren zama ere bai, eta bide, ahots eta toki baten bilaketa baten testigantza dago.

Lehen atalaren iluntasunetik etorriak, bigarren atalean fintasun bat aurkitu dezakegu, nolabaiteko argitze bat. Bertsoak ez dira hain bortitzak. Poemak ez dira hain dentsoak. Izan daiteke gizaki bezala heldutasun baten seinale, esperientziaren ondorioa. Baretu eta baketu den ahotsarena izan daitezke poemok, nahiz eta minean, zaurietan.

Hortaz goazen hirugarren atalera, bertan presente dago familia albumeko argazkien bitartez ahanztura, memoria eta denboraren iragankortasunari buruzko gogoeta. Naturaren iruditeriaren eta bertatik edaten dudan sinbolismoa ere ageri da asfixiaren, absentziaren edo ihesaren metaforak eraikitze aldera. Neguaren edo elurraren inguruko erreferentziak ere badaude. Atalik zirkularrena da. Atalik argitsuena, zoriontasunari gorazarre egiteko asmoz.

Azkenean, Hasier Larretxea sorterrira itzuli da: poesiaren etxe horretara».

 

Jose Luis Padron, Pergola aldizkaria, 2021eko abendua

 

Ihes baten lausoa hedabideetan:

 

Nerea Altzurirekin solasaldia Xorroxin Irratian (2021eko urriaren 27an)

Maider Iantzi Naiz atarian (2021eko urrian 29a)

Gorka Arreseren artikulua Berria egunkarian (2021eko urriaren 30a)

Euskadi Irratiko «Arratsean saioan» (2021eko azaroaren 5a)

Diario Vasco egunkarian (2021eko azaroaren 13an)

Ion Stegmeier Diario de Navarra egunkarian (gazteleraz, 2021eko azaroaren 17an)

Jose Luis Padron Euskadi Irratiko «Lizardiren Baratza» saioan (2021eko azaroaren 23an)

 

Ihes baten lausoa sarean:

 

 

 

 

 

 

 

Bizitza bide ertzei eusten jakitea da.

Balea Zuria, 2021
  • páginas
  • 12 euros



  • 978-84-123795-1-8