Hezurrezko kaiolak. Amaiurtik konstelazioak

Amaiurko Gaztelu Elkartea, 2022ko iraila
Portada en alta resolución

Erranen nuke…

…Hezurreko kaiolak / Amaiurtik konstelazioak liburua determinismo (*) suerte bateko emaria dela. Hots, Hasier Larretxeak ez du/zuen euskaldun edota homosexual izaterik aukeratu. Erran nahi baita, dena –eta ez dena– kausa baten ondorioa da. Pertsonok ez dugu sortzez garena erabakitzen. Ez dago erabakimen askerik. Liburura etorrita: hezurrezko kaiolak gu gara, gizakiok. Gu gara gure baitan daramagun txoria gatibu atxikitzen duguna.

Unibertsoa izar-multzoz osatuta dago. Ikusten duguna ez da dena. Dena ez baita ikusten dugun guztia. Alabaina, konstelazioak –izar-multzoak– berdin ikusten dira Amaiurtik zein Madrildik. Konstelazioak berberak dira. Poeta, komunzki, materialismoaz harago joan ohi da bere zereginean. Bueno, Hasier Larretxea harantzago joan dela begitandu zait.

Erran nezake…

…Poeta honen herritartasuna –izate “politikorik gabeko” herritasuna erranen nuke orain ere– egurrean iltzatutako larrua dela. Artean hiritartasuna eskuratu gabe –euskaldun guztion gisara–, herritasuna esku ahurretan darama itsatsirik. Lur arrastoetan hazia denak heziera suerte hori darama betiko. Iragana ezabaezina zaio. Poeta honek iraganaren arrastoak “nola” garbitu galdetzen dituenean, “ezkutalekuak iraultzen” hartu diot arrapostutzat, eta “zertarako” “piztiei errotik begiak ateratzeko”. Erran nezake poetak ez duela galdetzen. Ikurrik gabeko itaunak ote diren nago. Funtsean: ezkutalekuak hezurrezko kaiolak dira (liburu eder honen kontrazalean duzu kaiolaren irudia) eta gu geu gara kaiolan daramagun piztia.

…Poetaren ildoan: “Esku hauekin existitzen ez dena nahiko genuke ukitu”. Dena eta ez dena baikara. “Laztantzen ikasten duten eskuek” sortzez determinatuta dagoena libreago egin dezakete. “Eta paisaia hautsitako ereserkien arrastoa baino ez bada?”, entzungor egin diezaiogun himno horri. “Desagertutako herrialdeen mapamundien josturez” eginak garenez, ahanzturan amildu garenez, esku ematea, laztantzea edota paisaiak behatzea ahantzi dugu. Hezurrezko kaioletan bizitzen jarraitzen dugu. “Bilatzen dugunak egiten gaitu, ukatzen gaituenak ukatzen dugunaren neurrira”. Horra gure gabeziaren lekukotasuna. “Galerei irabazitakoei esker bizi gara”. “Arrotzak egin gintuen” eta desirak egiten gaitu. “Tribuaren traizioan galdu genuen”… Izanez ere, tribuak traditzen gaitu, tradizioak traditzen gaituen nola. “Uzkurtasuna zen gure bandera bakarra” eta uzkurtasuna –ahalketasuna eta koldarkeria– da gaur egungo gure ikurra. “Zuhaitza ikusteak ez dakar basoa bere baitan”, alabaina, poetak miraz elikatzen du bere burua eta “zu eta nire arteko distantzia”, hots, bera eta hurkoaren artean, “ez du inoiz elkarrekin promesen zeruan marraztutako memoriaren konstelazioen dirdira itzaliko!”. Horiek erranen nituzke, bertzeak bertze, poeta honen ildoan.

Erran dezaket…

…Kaiolek beraien zuloetan jarraitzen ote duten. Ikurrik gabeko itauna duzu, nirea. Arratsaldean hegan egiten duten txoriei galde egin diet. Honatx erantzuna: bizitzan emaniko urratsen arrastoetan marrazten ditugu memoriaren konstelazioak. Minak izaki gure benetako adierazpenak. Ukapenak –sexuaren aukerarena, kasu– biziraupena sustatu zigun. “Gorputz bat nonbaitetik heltzerik bada ez da inoiz hilko”. “Desegin gintuenak egin gintuen”. Erran nahi baita, etsaiak ERE egiten gaitu. “…eraiki nahi ziguten kaiola” hobi izatea nahi dute. Haatik, “ez dago zaurituko gaituen gezirik, menderatuko gaituen pozoirik”. Isilik nahi zituzten/gintuzten, ezkutuan, gose. Baina, “gorputzek debekuak zizelkatutako itzalen formak hartzen dituzte” eta “ezpain hezeak isilarazitako itun sekretuan abailtzen dira”. Baiki, “haragia haragi da munduaren kaosaren erreinu denez geroztik”. Eiki!

Erraten dut…

…Azken suaren kedarra ez dela artean amatatu. Poetaren ildoan sua eternoa baita. Ezkutalekuak ameslariendako dira. Alta, ezkutalekuak kaiola bihurtzen badira, ezkutalekuak hobiak bilakatzen dira. Argia da suaren kedarra. Argiak baina ez du dena argitzen, argiak ez du ezagutza bermatzen. Horregatik edo, bizitzea begiradak bidez bide fokatzen aritzea da. Bizitza argipenen ezagutza da.

“Memoriaren goroldia denbora da”. Eta metafora hori poetaren hizkuntzaren lora-aldia. Hasier Larretxeak –euskalduna, homosexuala eta poetak– aspaldi abandonatu zituen ezkutalekuak, aspaldi uxatu zituen herraren harian trabatutako ametsak. Hilotz guztiak haizearen iragarpen aldakorrak direlako. Haizeak astintzen dituen lorratzetan loratzen baitira pertsonak, loratzen baitira poetak. Poeta bidearen lorratzetan handi egin da, itzalekin jostatzea amesten du alajaina. Idaztea lurra goldatzeko suerte bat da beretzat, lurra iraultzean berezko otoitza sortzen baitu –hor nonbait– bere baitan.

Argitasunik argitasun, errealitateak zabaltzen dizkion itzaletan galduta dagoenean, etxera itzultzeko modua bilatzen du aldez edo moldez. “Nola oroitarazi absentzia” –galdetzen digu baztandarrak– bizitza galeren meta bilakatzen denean? Partikulak garela diosku, konstelazioetatik jausitakoak. Energia, kalipua eta indarra gara, biziraupena gara. Paisaiak egiten omen gaitu. Amatxi eta aitatxiren eskuek sostengatzen dute haren paisaia. Madrildik behatzen duen Amaiur ingurumariko paisaia.

Erranen dut…

…Argiaren konstelazioak, gorpuen memoria nola, konstelazio infinituez osatuta dagoela. Denok zamatzen dugu argiren bat. Konstelazioaren adarrak –izar-multzoak– haizeak makurtutako ferekak dituzu. Konstelazioen ukapena iraganeko zaurien maindire tarratatua da. Bizitzan ukatutako guztia –dena eta ez dena– gara. Konstelazioaren hautsetik sortu ginen eta hautsa izanen gara. Gure oroimena(k) bizitzaren hutsunek/absentziek irekitako orbaina(k) d(ir)a. Eta poeta honen kasuan, Baztan, Amaiur, Arraioz, sorterria hots, absentziek txikitutako atzerako ispilua da. Bere bizitzaren erretrobisorea miraila da. Miraila miraria ERE bada, poesia mirari suertea delarik. Bestela erranik ere, poesia mirari suerte bat baita.

Post erranak

Liburu eder honen kontrazalean duzu kaiolaren irudia. J.A. Perotxenaren grazia dauka, Malmö goitizenekorenak. Lurra, ura, zura, harria eta ortzia… estekatu ditu/dizkigu Amaiurtik. Konstelazioei begira jarri gaitu. Hezurrezko kaioletan gatibu daramagun bihotza hauspotzen lagundu digu.

(*) Determinismoa gertaera guztiak aldez aurretik existitzen diren kausengatik erabat determinatuta daudela defendatzen duen teoria filosofikoa da. Dena kausa-efektu kate batez gertatzen da, erabakimen askea ukatuz.

 

Mikel Asurmendi

 

Hezurrezko kaiolak. Amaurtik konstelazioak prentsan:

 

 

Hezurrezko kaiolak. Amaiurtik konstelazioak sareetan:

 

Sorterria, absentziek xehatutako erretrobisorea.

Amaiurko Gaztelu Elkartea, 2022ko iraila
  • 71 páginas
  • 15€ euros