Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da lirismo haundiko liburu autobiografikoarekin datorkigu Hasier Larretxea, non testu bakoitza bere joan-etorri eta begiradaren leiho ireki bat den.
Bertan, afektibitatea, identitate personala eta homosexualitatea dira liburuaren ardatzak. Gai horiek ikusmira desberdinetatik jorratzen ditu idazleak: haurtzaroko eta landa eremuko bakardade eta erreferente gabezietatik nerabezaroko bilaketetara iragaiten da, tartean, gogoeta eta gertakari pertsonalak tartekatuz. Aitari (eta kasu honetan egurketaria eta herri kirolaria den gizona) eskainitako zenbait testu hunkigarri aipagarriak dira.
Liburua garatzen den ahala, eta idazlearen esperientziek hirira daramaten heinean, bertako bizitzaren inguruko esperientziek pisu haundiagoa hartzen dute, landa eremuarekiko duen erlazioaren, loditasunaren, identitateen, gentrifikazioaren, LGTBI kolektiboaren kontraesanen, heldutzearen, bikote erlazioaren eta maitasunaren, estres eta antsietatearen edota literaturari buruz hausnarketen dietario baterantz hurbiltzeraino zenbait unetan.
Hasier Larretxea poeta gisa da batez ere ezaguna euskal letren munduan. Ez alferrik sei poema liburu argitaratu ditu orain arte guztira. Baina tarteka ateratzen du barnean daraman kontalari sena, eta eskaintzen digu testu narratibogoren bat. Horren adibiderik garbiena dugu publikatu berri duen liburua, «Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da» durduzagarri hau. Genero aldetik ez da sailkatzen erraza, dietario baten trazak izan arren (data eta abarreko formalismorik gabea beti ere), baduelako pertsonaia baten eraikuntzatik; narrazioak bildu arren, baduelako poetikotasunetik; idazlearen esperientzia propioak jaso arren, baduelako kontakizun kolektibotik. Ni-aren literaturan sailkatuko genuke ezbairik gabe, eta euskal literaturan hain urri diren oroitzapen, karnet, egunkari sorta gihartzera dator (eskasia hori euskaldunon herabetasunaren beste adibide bat ote?). Dena delakoarekin, Larretxearen erakustaldi berri honetan idazleari egotzi izan zaizkion gaitasunak aurkituko ditu irakurleak, autobiografiatik oso gertu dagoen testu bat, egitura fragmentarioa duen puzle osagabe (eta osatu beharreko) bat, lirikotasuna gailentzen zaion prosa indartsu bat, identitatearen eraikuntza erakusteko biluzten zaigun subjektu bat. Hori herri-hiri, haurtzaro-helduaro, indbibiduo-gizarte arteko gatazka unibertsalek blaituta egiten da, gainera. Larretxearen obra literarioa ezagutzen duenari ezinbesteko egingo zaio osotasunaren pieza berri bat den hau; ezagutzen ez duenari, berriz, obra literario horretara sartzeko atea irekiko dio, mundu aberats, argitsu aske baten gozagarri.
Aritz Galarraga
«Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da (Alberdania). Hots, idaztea norbera bere baitan sartzea da. Halakoxea duzu izenburu hori daraman entsegu-biografiko hau. Hitz joko bat abiaburuan: gure bizitzaren hasmentan, mendebaldeko euskara soilik ezagutu genuenontzat, ipar-ekialdekoa ezagutzean, gibelera eta atzera sinonimoak direla ikasi behar izan genuen. Gibelamendu gisako bat genekarren.
Gizakiok munduan gaude, baina gibelamendu suerte batekin munduratu ote ginen inpresioa daukat. Batzuk aurreratuagoak bizi dira, bestetzuk gibelatuagoak. Horixe gure patua. Batzuk aurrerazaleak/progresistak dira, bestetzuk atzerakoiak/kontserbadoreak. Ideologiaren seinaleak dituzu horiek.
Gizakiaren ezaugarri behinena eboluzioa da. Behinenetako bat. Eboluzioa, ordea, ez da lineala. Ez du beti goiti aldera egiten. Gizakion eboluzioa –ideologien markoan– gorabeheratsua da. Erran nahi baitut, konparazioenera, antigoalean, homosexuala izatea hainbat jendartetan –Grezia zaharrean, kasu– “normala” izatea omen zen, gaur egun baino normalagoa. Alegia, historiako zenbait unetan homoxesualitatea modu normalizatuagoan bizi izan da. Hor nonbait hori ere. Edo ez? Historia kontatzea, non noiz eta nola izan zen zehaztea ez baita samurra.
Entsegu-biografiko honen egilea euskalduna da. Bistan da. Poeta da. Homosexuala da. Osasun-langilea –edo hala uste dut–. Gaurdanik ikusirik, liburua irakurririk, ez du ematen 1982an sortua denik. Bere nerabezaro eta gaztaroko bizipenak duela hogeita bost urtekoak direla “dijeritzea” kostatu zait. Alegia, «atzo goizean» bizitakoak. Hasier Larretxea Arraiozen jaioa da. Baztanen barnean hazia. Iruñera joan ohi zena aldian-aldian, ihesian. Madrilen egokitua. Hor nonbait horiek ere.
Ikusi sentitu pentsatu uste batez, biografia honen egileak, auto-biografoak, larre mundutik hiri mundura bidaia egin ostean, bere izatea pairatzetik bere izatea normaren barnean bizitzera iragan behar izanen zukeen. Ez duzu, bada, guztiz halaxe. Liburua irakurtzea bertzerik ez duzu. Liburua, poeta batek idatzia duzu, hitz lauaz idatzia ere. Hala izanik ere, zenbaitetan aizkoraren laua sentituko duzu, eta bertzetan, enborraren ezpalen latza.
Idazle honen taxua, oraingoz bederen, ez da eleberrian errenditzen. Hainbat idazleri errealitatea fikzio bidez azaltzea nekeza(go) egiten zaio. Horixe dukezu Larretxearen kasua. Poesiaren bidez ebaki ohi ditu eleak. Aitak enborrak aizkoraz ebakitzen dituen legetxe. Poesiaz bertze, poesiaren kontrakarrean, idazleak enborrak ere landu ditu. Liburu hau, kasu. Enborrak edo txatalak dituzu bere izkribuak. Demagun, enborraren ezpal finak poemak badira, txatal hauek enborrari erauzitako ezpal lodiagoak. Ganoraz ebakitako bizitzaren puskak horregatik.
Bertsolari –jaio– izan balitz, bere ezpalak bertsetak lirateke. Alta, bada, bertsolaritzan baino aizkolaritzan urratu zituen lehen-bideak eta plazak. Aita halakoxetarako jaioa eta iaioa izaki. Abiaburuan honela bizi izan zen, ziren –modu motz batean erranik–: mina ezagutu zuen, minak ezagutu zituzten, berak, baita aitak eta amak bizi ere. Bide malkarra urratzeko munduratu bide zen, baita urratu ere, halabeharrez. Hitzak falta zituen, baita horiek antzeman eta atzeman ere. Beno, eleak hitzak berbak xerkatzen segitzen du. Berauek ehuntzen segi ere. Liburu honen taxuketa lekuko.
Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da, afektuaren bila ari denaren saioa duzu –pertsonok bizitza osoa pasatzen dugu afektuen xerka–, bere identitate bilatzen ari den pertsona batena. Homosexualitateak estigmatizatua gizarteratu zen, tira, «estigma arriskutsu» hori bizkarreratu zion jendarteak, hau da, aizkora-ahoaren arriskua bizkarrean eraman ohi den bezala eraman zuen. Afektibitatea aizkora-ahotik iragan ohi da egunero. Aizkoraren taxua metafora egokia dukegu bizitzaren bilakabidean: aizkora-aho, aizkora-buru, aizkora-begi, aizkora-joko, aizkora kirten, aizkora ukaldi…
Bizitza-buru, bizitza-begi, bizitza joko, bizitza-kirten, bizitza ukaldi… Zenbat buru hainbat aburu. Begiak begi, denak ez dira zilegi. Jokoak joko, jolasak zoko-moko. Buruak buru, hainbat kirten. Bizitza ukaldiz jotako esperientzia da. Sufrimenduaren eraginez –tamalez hori ere– eraikitzen dugu gure identitatea. Horixe gibelera zenbatzen ikasten aritzeak eman didana. Gibelera egitea gibelan eragitea da.
Zer gehiago irentsi nezake? Bada, ahalaz, sufrikarioaren eraginez jasotzen dugun poztasuna, ezta? Alabaina, ez dago arrosarik arantzarik gabe. Barka ezazue topikoa edota klixea. Nor da klixe eta topikoetatik libre, ordea? Nor da librea? Elkarren aurkakoan eraikitzen dugu pertsonok nortasuna, etengabeko talketan. Progrea aitzinean, retrogradoa gibelean. Retrogradoak baina, buruan buru eraman nahi du berea, alajaina.
Bitasun-saioen ariora osatzen dugu nortasuna. Hasier Larretxeak bitasun hauen bitartez osatu ote du berea: Aita-Semea. Ama-Semea. Aizkora-Enborra. Mendia-Hiria. Herria-Hiria. Irakurri-Izkiriatu. Idealismoa-Errebolta. Herabea-Ausarta. Hauskorra-Gogorra. Egoak-Hegoak. Senarra-Senarra. Zuri-Lodi. Anitza da bere nortasuna. Askorendako bere maitasuna. Askotarikoa bere identitatea.
Nehor akiarazi gabe, akitu alderat, azaleko irudia hizpide –Zuri Negrínena da–: hor duzue Hasier Larretxea haur-nerabea. Musugorria. Lodi taxukoa. Artean praka motzetan. Naturaren erdian, –erdian behar ote?– jendartean kokatu ezinik. Mutiko marjinatua. Maritxua. Mutiko jaio zen eta jaio zitekeen neska. Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da. Bai horixe. Jaio ohi dira berriak, baita zaharrak nola gazteak –berriak– hil ere.
Iñaki: ezagutu ez dudan, baina liburu honen bitartez amiñi bat irudikatu izan dudan Hasier gaztearen laguna. Atzo goizeko laguna. Haren gorazarrean ari naiz ni ere, gibelera zenbatzen ikasten, Iñakiren gisakoak gogoan: betiko lagunak. Gisakoak! Zenbat?».
Liburuaren aurkezpena:
Oier Etxeberria editorearekin Donostiako Udal Liburutegian (2024/09/18)
Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da hedabideetan:
- Izaskun Graciarekin solasaldia Euskal Idazle Elkartearen webgunean (2024/09/5)
- Amaia Jimenez Larrearen artikulua Berria egunkarian (2024/09/18)
- Iraitz Mateoren artikulua Gara egunkarian (2024/09/19)
- Nerea Alzurirekin solasaldia Xorroxin irratian (2024/09/20)
- Miren Mindegiarekin solasaldia Euskalerria irratian (2024/09/23)
- Oihane Azkuerekin solasaldia Naiz irratiko Paraleloa saioan (2024/09/30)
- Ion Stegmeierrekin solasaldia Diario de Navarra egunkarian (2024/10/07)
- Ilaski Serranorekin solasaldia ETB-ko «Artefaktua» saioan (2024/10/19)
- Galder Perezekin solasaldia Radio Euskadi-ko «Kultura.eus» saioan (gazteleraz) (2024/10/22)
- Jon Agirreren artikulua El Diario Vasco egunkarian (2024/11/08)
- Elkarrizketa Xaloa Telebistan (2024/12/12)
- Pello Argiñarenarekin solasaldia Euskalerria irratian (2024/12/12)